Ikus-entzunezkoen panoraman, maila lokalean zein nazioartean, ematen ari diren norabide eta joera berrien jarraipena eta hauen gaineko hausnarketa egiten duen lan ildoa da. Oso garrantzitsua da ikus-entzunezko merkatuetan suertatzen ari diren aldaketei jarraipena egin eta horien berri izatea. Jakina denez, etenik gabeko aldaketan bizi da ikus-entzunezkoen mundua eta eduki eta formatoen inguruan ematen diren berrikuntzen identifikazioa eta azterketa egitea beharrezkoa da. Horretarako, edukien ekoizpenean, pantailaratzean eta kontsumoan aitzindari izan daitezkeen merkatua, produktuak, generoak, formatuak eta erabilerak aztertzea du helburu ikerketa lerro honek.
Berrikuntzen detekzioa eta azterketa egin ahal izateko hiru esparru definitu dira: unibertsitateko ikasleak (ikasleen nazioarteko mugikortasun programen bidez joan eta etortzen direnak), Etxepare Institutuaren bitartez atzerrian dauden euskal sortzaileak zein bestelako ogibidea duten profesionalak eta, kualifikazioz berezienak, euskal jatorria duten baina atzerrian bizi diren ikus-entzunezko profesionalak. Informazioa biltzeko online inkestez eta elkarrizketa sakonez baliatzen da.
Ikus-entzunezko produkturen bat ebaluatzea edo probatzea nahi baduzu, jar zaitez gurekin harremanetan ikusiker@ehu.eus posta elektronikoaren bidez.