Ikusiker Ikus-entzunezkoen Behategiak gazteek ikus-entzunezkoak ikusteko eta IKT edo Informazio eta Komunikazio Teknologiak erabiltzeko ohiturak, moduak eta joerak aztertzen dituen behategia da. Ikusiker 2018/2019 ikasturtean sortu zen NOR Ikerketa Taldeak eta EITBk abiatutako Applika+ izeneko ikerketa-proiektuaren barruan (US17/40) eta gaur egun UPV/EHU, EITB, Tabakalera eta Kulturaren Euskal Behatokiaren arteko elkarlanaren fruitu da.
Behategiak hiru ikerketa ildo bereizten ditu bere lanean:
11-23 urte bitarteko euskal gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoa eta IKTen erabilera aztertzen dituen ikerketa lerroa da. Helburua informazioaren eta komunikazioaren eta bereziki ikus-entzunezkoen kontsumoan ematen diren aldaketak aztertzea da. Ikerketa hau egiteko bi Iker-teknika erabiltzen dira: inkesta eta panel iraunkorra. Proiektu hau bi panel desberdinek osatzen dute: Unibertsitateko panela eta Bigarren Hezkuntzako panela.
Unibertsitateko panela Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) hiru campusetako ikasleek eta Nafarroako Unibertsitateko (UPNA/NUP) ikasleek osatzen dute. Bigarren Hezkuntzako panela Hego Euskal Herriko zortzi ikastetxek osatzen dute: Lapuebla de Labarcako Assa Ikastola, Tafallako Garcés de los Fayos Ikastola, Iruñeako Iturrama BHI, Mungiako Larramendi Ikastola, Gasteizko Mendebaldea BHI, Lasarte-Oriako Oriarte BHI, Donostiako Santo Tomas Lizeoa eta Bilboko Solokoetxe BHI.
Bi panel horietara ikus-entzunezko kontsumoei eta IKTen erabilerari buruzko galdetegiak zuzentzen dira, hauetatik emaitza kuantitatiboak lortuz. Galdetegiak encuestafacil.com plataformaren bitartez kudeatzen dira eta hortik jasotako datu baseak Aztiker Soziologia Ikerguneak ustiatzen ditu.